Auzoko berokuntza-sistemetan nola aplikatu

District Heating-ak (DH): bero sare zentralizatuak

Bero sare zentralizatuek aukera ematen dute eraikin kopuru handi bat energia termikoz hornitzeko ekoizpen gune batetik edo zenbaitetatik abiatuta.

Banaketa lurpeko kanalizazioaren bidez egiten da; termikoki isolatuak dauden hodiek eraikinetaraino garraiatzen dute fluido termikoa (ur beroa). Era horretan, erabiltzaile bakoitzak beretzat nahi duen zerbitzu termiko independentea du.

Oro har, hona hemen DH sistema bat osatzen duten elementuak:

  • Ekoizpen zentrala. Bertan sortzen da sistemako energia termikoa ekoizpen ekipo (galdara) baten edo zenbaiten bidez; halakoek beren iragazpen ekipoak dituzte, atmosferara isurtzen dutena ahalik eta gehien murrizteko.
    Jeneralean metaketarako edo inertziako andel batzuk izaten dituzte, instalazioaren errendimendu orokorra hobetzeko.
  • Banaketa sarea. Halakoaren bidez, zentralean sortutako energia kontsumo-puntuetaraino garraiatzen da; bide horretan, galerek ahalik eta txikienak izan behar dute, sistemaren eraginkortasun gorena lortzeko.
  • Azpizentral termikoak. Sistemak hornitzen dituen kontsumo-puntuetako bakoitzean kokaturik egon behar dute. Halakoetan bero-trukagailuak eta neurketarako eta erregulaziorako aparatuak daude, energia eramateko banaketa saretik kasuan kasuko eraikin edo zentraleraino.

Kasu gehienetan, sistema hauek energia-salmentarako mekanismoen bidez kudeatzen dira. Zerbitzu energetikoen enpresa batek kudeatuko du instalazioa eta erabiltzaile bakoitzari dagokiona kobratuko dio, egindako kontsumoaren arabera; gisa horretan, erabiltzailearen faktura merkatuko da.

Iturri berriztagarrietako energiaren erabilera sustatzeari buruzko 2009/28/EE Zuzentarauak honelako instalazioen alde egiten du, eta uste du beharrezkoa dela kide diren estatuek mekanismo jakin batzuk ezartzea iturri berriztagarrietako energian oinarritutako hiri-berokuntza eta -hozte sistemak bultzatzeko.