Energia berriztagarriak ekoizpen termikorako: Biomasa

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK BEROKUNTZARAKO ETA ETXEKO UR BERORAKO

Gaur egun, errealitate bihurtu da energia termikoa sortzeko berriztagarriez baliatzea hainbat arlotan: industrietan edo nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioetan ez ezik, baita bulegoetan edo etxebizitzetan ere. Teknologiak aukera ematen du energia berriztagarriak erabiliz errendimendu energetiko optimoak lortzeko erabilera- eta fidagarritasun-baldintza hoberenekin.

Termikoki aprobetxatu daitezkeen iturri berriztagarriak hauek dira: biomasa eta biogasa; eguzkia; eta geotermia.

Biomasa baliabide energia-sortzaile ekologiko bat da; izaera organikoko material guztiak biltzen ditu, landareak bereziki. Biomasa erregai gisara erabili nahi bada, merkaturatzen duten enpresei erosi behar zaie edo ekoizleak diren beste batzuei, baina nolanahi ere produktuaren kalitatea bermatuko dutenei.

Eguzki-energia erabil daiteke klimatizaziorako behar den energia termikoaren parte handi bat hortik eskuratzeko.

Energia geotermikoa lurraren barrenean dago, bero modura pilaturik. Eskualde geografikoa zein den, tenperatura aldatu egiten da batetik bestera, eta horrek erabakitzen du bertako energiaren balizko aprobetxamendua:

Sorkuntza termikorako energia berriztagarriak honela erabil daitezke:

Horien artean, biomasa jotzen da bero-iturri berriztagarri nagusitzat Energia Berriztagarrien EU27 Ekintza Planetan.

BIOMASA

Erregai fosilak (ikatza, gas-olioa eta gasa) berokuntza-sistemetan sartu eta orokortu aurretik, biomasa erabiltzen zen eraikinetako berokuntzan. Basoan biltzen zen egurra erabiltzen zen tximinia irekietan, estufetan eta berokuntzarako kozinetan, non hura erretzearekin lortzen zen beroa aprobetxatzen baitzen kozinatzeko, laberako, gela berotzeko, etxeko ur beroa izateko eta, kasu batzuetan, etxebizitza bereko beste gela batzuetako berogailuetara bidaltzen zen.

Gaur egun berokuntzan erabiltzen den biomasak orduko haren jatorri eta funtzionamendu-oinarri berberak ditu, baina bete behar ditu gainerako berokuntza instalazioek betetzen dituzten baldintza berberak, konfort maila bera eskaini behar du, automatizaturik egon eta eraginkorra izan behar du, eta besteen aldean onura gehigarri bat eransten du, erregai berriztagarria izatearena, CO2an neutroa dena eta tokian bertan ekoitz daitekeena.

Biomasako galdarak gas-oliokoen antzekoak dira, baina zertxobait handiagoak. Erabiltzen den erregaiaren bolumena ere handiagoa da. Galdara hauek errautsak sorrarazten dituzte; haien kopurua izaten da erretako erregaiaren %0,5etik %2ra bitartekoa, erregaia zein den. Errauts horiek ere erabil daitezke, ongarri gisara, edo etxeko hondakin modura kudeatzen dira.

Hasierako inbertsioa zertxobait handiagoa da, baina erregaiaren kontsumoan aurrezten denarekin berehala amortiza daiteke hasierako inbertsioan gehiago gastatutakoa. Bestalde, halakoak instalatzeko badira diru-laguntzak eta zerga onurak (PFEZ).

Abantailak

  • Energia-iturri garbi eta agortezina da. Ingurumenaren kutsadura oso txikia da eta ez du ozono-geruza suntsitzen.
  • Erregai fosilekiko mendekotasuna txikitzen du.
  • Mendiak garbi edukitzen eta jatorri industrialeko beste hondakin batzuk erabiltzen laguntzen du.
  • Tokiko bertako lanpostuen sorrera sustatzen du.
  • Energia konbentzionala baino merkeagoa da.

Alde txarrak

  • Biomasako galdaren errendimendua zertxobait txikiagoa da erregai fosil likido edo gaseosokoak baino.
  • Biomasak dentsitate energetikoa txikiagoa du; horren ondorioz, biltegiratzeko sistemek handiagoak izan behar dute.
  • Erregaiz elikatzeko eta errautsak desagerrarazteko sistemen mantentze-lanen kostuak handiagoak izan daitezke.
  • Biomasa banatzeko bideak ez daude erregai fosilenak (gas-olioa eta gas naturala) bezain garatuak.