Txantrea auzoko proiektu proposamena

1.- EFIDISTRICT ZENTRALA

EFIDISTRICT Klimatizazio Zentrala kokatuko den lurzatiak sarbide zuzena izanen du iparraldeko ingurabidetik (PA-30); instalazio horren funtzionamenduan erabiliko den energia iturriaren %70 baino gehiago jatorriz tokikoa eta berriztagarria izanen da (oihan biomasa).

Erregai gisara oihan biomasa erabiliz, horrek dakartzan ingurumen-onurez gainera, energia aldetik dugun mendekotasunaren balantza hobetuko dugu eta, aldi berean, bertako jendearentzat enplegua eta Foru Komunitate osoarentzat aberastasuna sortuko da (Nafarroako oihan masaren %70 titulartasun publikokoa da).

Zentralak 24 orduko zerbitzua emanen du ur beroaren ekoizpenean eta metatzeko andel handi bat izanen du, gauez ekoiztutako beroa aprobetxatu ahal izateko (eskaera orduan apaltzen baita).

Berokuntzaz eta EUBaz gainera, aurreikusita dago hotza ere sortu eta sare txiki baten bitartez banatuko dela; zentralaren inguruan dauden zerbitzuetako eta laguntzako azpiegituren eraikinak hornitzen ahalko dira.

Faseak: AINek EFIDISTRICT Zentralarentzat egin duen azterlanaren arabera, proiektua 2 fasetan garatuko dela aurreikusi da; era horretan, eraikinak eta instalazio orokorrek aukera emanen dute ekoizpen ekipoak handitzeko, eskaera etorkizunean handitzen bada.

1. FASEA: Ekoizpen ahalmena: 16 MW

  • 12 MW biomasaren bidez elikatutako ekipoen bitartez.
  • 4 MW gas naturalez elikatuta.
  • Gutxi gorabehera 2.200 etxebizitza eta 8 eraikin publiko.

2. FASEA: Ekoizpen ahalmena: 32 MWraino

  • 20 MW biomasaren bidez elikatutako ekipoen bitartez.
  • 12 MW gas naturalez ekoiztuta.

Dena barne harturik, Efidistrict Zentralaren bidez berokuntza eta EUB zerbitzua eman gogo zaie 4.500 etxebizitza baino gehiagori eta zerbitzu nahiz ekipamenduko hainbat eraikini.

Ekoizpen Zentralaren eskema, EFIDISTRICT Bero Sareak aldez aurretik egindako azterlanaren arabera

2.- BANAKETA SAREA

Zirkuitu primarioa lurpetik hedatuko da kaleetan barna, zanga batean sarturik; energia garraiatuko du ekoizpen zentraletik berokuntzarako kooperatiba eta bizitegi-multzoetako zentral eta azpiestazioetaraino, baita eraikinetako energia-trukerako guneetaraino ere.

Energia termikoa garraiatzeko, fabrikatik bertatik berorik ez galtzeko isolatuak eta ihesak detektatzeko sistema batez hornituak etortzen diren kanalizazioak erabiliko dira. Sistema horrek hezetasun zantzu oro detektatzen du, sarearen barneko ihesak edo kanpoko filtrazioak atzemateko.
Zanga berean zuntz optikoko kableentzako kanalizazioak izanen dira; horiei esker, Zentraletik bertatik monitorizatuko da funtzionamendua, hala sarearena nola bezeroei energia emateko puntuena, zeinen unean uneko egoera ikusten ahalko baita.

Sarearen funtzionamendua oinarrituko da emari aldakorraren (eskaera termikoaren araberako ponpaketa) eta bolumen iraunkorraren printzipioan (urak zirkuitu itxiaren barrenean zirkulatzen du).

AINek egin duen azterlanaren arabera, 1. fasean sarea 5,6 km-koa izanen da, eta bigarren fasean 3,6 km gehituko zaizkio, guztira 9 km-tik gora izateko. Dena dela, sarearen diseinua alda daiteke, baita handitu ere, ondoko urteetan etortzen diren bezeroen arabera.

1. Fasea EFIDISTRICT Bero Sareak aldez aurretik egindako azterlanaren arabera