Sare eraginkorrak

HOBEKUNTZAK LEHENDIK DAUDEN BEROKUNTZA SAREETAN

Natur baliabide mugatua izanik, energia bero modura sortzeak kostu ekonomiko eta ingurumenaren gaineko eragin handi samarrak ditu ondorio; horregatik, baliabide hau zentzuz erabiltzea denon ongizaterako mesede izanen da.

Berokuntza sistemak teknologia berrietara egokitu behar dira, haien elementuak berrikusi behar dira eraginkortasun energetikoaren irizpideak erabilita, dagozkien mantentze-lanen prozesuak hobetu behar dira, sistemak erabiltzeko ohiturak aldatu behar dira…; besteak beste, horrelako jarduketek lehentasuna izan behar dute gisa honetako instalazioak kudeatzeko garaian, zeren hartzen diren erabakiek eragin handia izanen baitute energiaren azken kontsumoan eta, beraz, baita norberaren gastu ekonomikoan ere.

Ildo horretan, eraikinetako energiaren erabilera eraginkorra bultzatzeko estrategia kolektiboan funtsezko eragile hauek ditugu: finka-administratzaileak, higiezinen kudeaketa eta kontserbazioaz eta haien instalazio eta zerbitzuen funtzionamenduaz arduratzen direlako; jabeen elkarteetako presidenteak, haien ordezkaritza dutelako; mantentze-lanetako enpresak eta erabiltzaile guztiak; bakoitza bere lanbide- edo erantzukizun-esparrutik ari delarik. (Etxebizitza-eraikinetako berokuntzaren eta etxeko ur beroaren (EUB) instalazio zentralizatuei buruzko gida praktikoa – IDAE/Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua)

Certicaliaren energia-ziurtagirietan bildutako datuen arabera, eraikin baten birgaikuntza energetikoari ekin nahi bazaio, eraikin horren inguratzailea da esku hartzeko elementu gomendatuenen artean bigarrena. Energia-ziurtagirien %25,8tan inguratzailean esku hartzeko gomendioa egiten da. Elementurik gomendatuena instalazio termikoak dira (berokuntza, ur beroa eta aire girotua). Ziurtagirien %40,8tan instalazio termikoetan esku hartzeko gomendioa egiten da (www.certicalia.com).

Instalazio zentralizatu moderno baten elementuak

  • Beroa sortzekoak: galdara bat edo bat baino gehiago haientzako lokal batean (galdara gela) eta kolektoreekin konektatuak; kolektore horietatik zerbitzu bakoitza hornitzen da (berokuntza zirkuitua eta EUBaren zirkuitu primarioa).
  • Etxeko ur beroa (EUB) sortzekoak: trukagailuak eta andelak; horiek ere galdara gelan daudela.
  • Erregulazio orokorrekoak: instalazioen erregulazio lana galdara gelan bertan egiten da. Berokuntzan, zirkuitu bakoitzaren bulkada-tenperaturak, kanpoko baldintzen arabera. EUBan, pilaketa eta banaketa-tenperaturen egokitzapena.
  • Berokuntzaren eta EUBaren banaketa orokorra: hodi sareak eskailera-kaxetan aireberritzeko patioetan barna doazenak zerbitzu bakoitzeko ura garraiatzen.
  • Berokuntzaren eta EUBaren banaketa indibiduala: eskailera-kaxetan jartzen dira erabiltzaile bakoitzaren giltzak eta instalazio bakoitzarena (berokuntza eta EUB). Halaber, gune horretan daude neurketa-ekipo indibidualak eta hortxe bertan ditugu etxebizitzen barrenera sartzeko harguneak.
  • Erregulazio indibidualekoak: etxebizitza bakoitzak badu giro-tenperaturaren termostato bat berokuntzarako. EUB kontsumo-gunean bertan erregulatzen da, iturriaren kanilaren bidez ur beroa eta hotza nahasiz.

Zutabeko instalazioetako kontsumoak kontrolatzeko konponbidea, obrarik egin gabe

(Etxebizitza-eraikinetako berokuntzaren eta etxeko ur beroaren (EUB) instalazio zentralizatuei buruzko gida praktikoa – IDAE/Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua).

Gaur egungo erregulazio- eta kontrol-araudiarekin bat ez datozen eta zaharkituak gelditu diren aspaldiko instalazioetan, garrantzitsua da esku hartzea instalazioaren elementuetan eraikinak zaharberritzeko prozesuei ekiten zaienean.

Instalazio zahar hauetan, zeinetan beroa zutabe bidez banatzen baita, gaur egun egin daiteke beroaren eta kontsumoen kontrolaren erregulazio indibiduala balbula termostatikoak eta kostu-banatzaileak instalatuz.